Ikasleen ordenagailuak, software askea eta Patxi Lopez

Patxi Lopez lehendakaria twitter-elkarrizketaren une batean

Patxi Lopez lehendakaria twitter-elkarrizketaren une batean

Oporretan guztiz deskonektatuta egon ondoren, astelehenean lanera itzuli eta hara non aurkitzen naizen Patxi Lopezen twitter-elkarrizketarekin. “A ze modernoa lehendakari berria!”, pentsatu dut. Berehala konturatu naiz, iruzkin gehienak ez zirela twitter-elkarrizketa egin izanaz, nahiz eta horri buruzko kritikak ere izan diren, itxurakeria hutsa izan dela salatuz. Nik bi behintzat irakurri ditut, IƱigo Urkullurena bata eta Jose Antonio del Moralena bestea (Mikel Iturriaren artikulu batetik abiatuta). Baina lehen esan bezala, sarean irakurri ditudan iruzkin gehienak Eusko Jaurlaritzak EAEko Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleentzat erosiko dituen ordenagailu nanoetako sistema eragileari buruzkoak izan dira.

(Honako lerroak ni bezala deskonektatuta egon direnentzat, gaiari buruzko errepasotxo bat izatea dute helburu).

Ordenagailu horietan Windows XP eta Microsoft Office erabiliko zela jakinarazi zen lehendabizi. Berri horrek software askearen aldeko aldarria sorrarazi zuen eta astebete beranduago abiatze bikoitzari buruz hitz egiten hasi ziren.

Pasa den ostiralean lehendakariak twitter-elkarrizketa eskaini zuen eta bertan ordenagailu horiek bi abiatze modu izango dituztela baieztatu zuen, bata Ubuntu eta OpenOfficekin eta bestea, Windows eta Microsoft Officekin. Microsoft zergatik aukeratu zuten ere azaldu zuen Lopezek, euskarazko bertsioa zuen bakarra zelako, esan zuen.

Bai badakit argudio horrek ez duela ez hankarik ez bururik, baina inor oihuka hasi aurretik Alex Rojo internautak idatzitako artikulua irakurtzea gomendatzen dizuet. Bi baieztapen horiek zergatik diren faltsuak azaltzen du oso ongi egindako bi bideorekin.

Abiatze bikoitzari buruz, hori ez dela egia azaltzen du eta horretarako atzo bertan Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratutako oinarriak irakurri baino ez ditu egin.

Bigarren bideoan berriz, Debian GNU/Linux sistema eragilearen banaketa erakusten digu Alexek, berau ere euskaraz dagoela azaltzeko eta Open Office bera ere euskaraz dagoela ikusteko.

Hortik aurrera gainontzeko komentario guztiak soberan daude. Ea zein den orain Lopezen erantzuna, baldin badauka, ordenagailuen erosketa kontrataziorako oinarrien zuzenketa akaso? Ez legoke gaizki, interneteko presioak zerbaitetarako balio duela erakutsiko luke horrek. Ea gobernu berria akatsak zuzendu eta horietatik ikasteko prest dagoen.