2011: ordenagailuen nortasun agiriaren amaiera data

ipv6-150“Kaixo. 77.231.210.87 naiz eta 62.193.254.233-rekin hitz egin nahiko nuke”. Horrelaxe hitz egiten dute ordenagailuek euren artean, nahiz eta guretzat elkarrizketa horren itzulpena den “nire ordenagailuak www.argia.com-ekin hitz egin nahi du”.

Puntuz banatutako lau blokeko zenbaki horiek IP helbideak dira. 4.300 milioi helbide desberdin egon daitezke, baina jada %15 baino ez dira libre geratzen. 2011 urte aldera IP helbideak amaitu egingo dira. Horrelaxe adierazi zuen domeinuak eta IP helbideak esleitzeaz arduratzen den ICANN erakundeak urte honetako maiatzean. Gainera, IP zenbakiak behar dituzten gero eta aparailu gehiago dago; mugikorrak, PDA gailuak…

Arazo honen konponbidea gaur egun ezagutzen ditugun IP helbideek erabiltzen duten IPv4 protokolotik IPv6 protokolora pasatzea da. Edo beste modu batera esanda, 77.231.210.87 bezalako zenbakietatik B050:6:6:A822::75AB bezalako helbideetara; 4.300 milioi helbide posibleetatik ia amaiezinezko zerrenda batera.

IPv6-ren hasiera

1992. urtean, Internetek zer nolako hazkundea zeraman ikusita,  WWW-aren arlo teknikoen estandarizazioa zaintzeaz arduratzen den IETF erakundeak IP protokolo berria behar zela ebatzi zuen. Hainbat proposamen egin ondoren, 1994ko uztailean IPv6 bezala ezagutzen dugun protokoloaren oinarriak ezarri ziren. Cisco Cystems enpresako zuzendari tekniko Steve Deering jo daiteke protoko honen aitatzat.

Baina nahiz eta beronen garapena 90eko hamarkadako kontua den eta jada hamabost urte igaro diren, oraindik implementazioaren hasierako faseetan gaudela esan liteke. Egia da gauza asko egin direla –zenbait iturriren arabera sareko trafikoaren %30 jada IPv6 protokolo bidezkoa da, Windows-ek XP bertsiotik aurrera protokoloa inplementatua dauka bere sistema eragileetan eta Linuxen nukleoak IPv6rako euskarria dauka 1996az geroztik–, baina oraindik asko dago egiteko.

Google eta ICANN egokitu dira

Lorenzo Colitti Google-eko sare ingeniariak dio IPv6 Interneten lanean jarraitu nahi duen edozein enpresarentzat behar bat dela. “Nahiz eta sekula aireratuko ez dela pentsatu, guztiek egin beharko lukete protokolo honen alde”. Hala, Google-en zerbitzu gehienak (Google News, Google Docs, Google Calendar eta Google Maps) jada IPv6 protokolora egokituta daude eta Colittiren kalkuluaren arabera, jada protokolo berriaren araberako 150.000 erabiltzaile dituzte.

ICANN bera ere ari da lanean. Dituen hamairu zerbitzari nagusietatik sei protokolo berrira egokitu ditu. Zerbitzari horiek Interneteko muina osatzen dute eta bitxikeria gisa esan behar da zerbitzari horietako bi herenetara iristea lortuko lukeen eraso batek Interneten ia blokeo osoa eragingo lukeela.

Abantailak eta desabantailak

IPv6-arekin Internetera konektatutako gailu guztiek euren IP helbidea izango dute, ondorioz urrutitik edozein makinatara sartzea orain baino errazagoa izango da. Baina horrek segurtasun gehiagoren beharra ekarriko du. Suebakiak izatea garrantzitsua izango da, baimendu gabeko konexioak gure makinara sartzea galarazi ahal izateko.

Badirudi etorkizun urrun bati buruz hitz egiten ari garela, baina IP helbideak amaitu egingo direla aurreikusten duen data hemendik bi urtera zehaztu dute; gertu, oso gertu dago. Horregatik iaz Europako Batzordeak IPv6ra egokitzeko neurriak har ditzatela eskatu zien estatu kideei. Egia da erabiltzaile arruntok gure etxeetan ez dugula IP zenbaki finkoa eta konexio bakoitzean aldatu egiten dela. Horri esker, aurreikusitako amaiera data luzatu da, baina hori ez da inondik inora irtenbidea eta Interneten garapena ezin dute teknologia baten ezaugarriek baldintzatu.

Honek guztiak niri 2000 efektua eta LTDaren inplementazioa dakarzkit gogora. Agian lehenengoaren antz gehiago du, erabiltzaileari zuzenean ez baitio hainbeste eragingo. Konparazioa egitearren, automobilen kasuan matrikulen aldaketak ez die eragiten, berdin berdin dabiltza, baina matrikula hori agertu behar duen txapak sistema berria onartu behar du.

Loturak