Firefox 3.5: Zenbaterainoko aldaketa?

firefoxFirefox nabigatzailearen bertsio berria, Firefox 3.5 jada eskuragarri dago, baita euskaraz ere. Oraindik ere datuek erakusten digutenez, erabiltzaileen artean Microsoft Explorer da nagusi, baina Firefox zabaltzen ari da pixkanaka-pixkanaka eta jada %20-25eko kuota dauka. ARGIAko estatistikei erreparatuta ere, gure nabigatzaileen %60k Explorer erabiltzen du eta Mozilla+Firefox ia %30ek. Geratzen den %10 gainontzeko nabigatzaileen artean banatzen da (Safari eta estatistika sistemak ezagutzen ez dituen beste batzuk).

Firefox 3.5 instalatu dut jada, bizkorragoa eta seguruagoa dela irakurrita. Oraindik ez dut aukerarik izan asko probatzeko, baina aipatzen diren abantaila guztien artean honakoak piztu dit arreta:

Beharbada askoek pentsa lezakete kontu hau garatzaileei inporta zaiena
besterik ez dela; oker daude baina, HTML5en puntu fuerteak <audio> eta
<video> etiketetan baitaude, musika eta bideoen berezko euskarrian, alegia, flash teknologiarik gabe
.

Librezaleko Julen Ruizi hau pixkat gehiago ulertzeko laguntza eskatu diot. Hark azaldu didana ongi ulertu badut, hornitzaileak HTML5 erabiltzen hasiko balira eta erabiltzaileak berau onartzen duten nabigatzaileak –Firefox 3.5, Chrome, Opera 10 eta Safari 4– bezala, aurrerantzean audio eta bideoak ikusteko ez genuke Flash pluginik beharko.

Egia esan erabiltzaile arruntak ez du gauza gehiegi nabarituko, gehienek Flash pluginak instalatuta izango baitituzte eta ez dira konturatuko multimedia hori nola ikusten duten. Baina enpresa jakinen (kasu honetan Adobe) monopoliotik irteteko aukera izan daiteke, baita kode irekien eta irisgarritasunaren aldeko tantoa ere.

Beraz, “merezi al du Firefox 3.5 instalatzea?” galdetzen duenarentzat, nik baietz esango nioke. Nahiz eta oso ongi ez ulertu zer hobekuntza dakartzan, gutxienez kalterik ez duzue jasango.

Nik abanguardiako teknikoei kasu egingo diet eta Firefox 3.5 erabiliko dut, produzitzerako unean eta baita kontsumitzerakoan ere Internet demokratikoago baten aldeko nire ekarpena eginez.