Xabier Artaetxebarria: “Bizitzeko eginda gaude eta bizitzeak zahartzen gaitu”

Xabier Artaetxebarria

Xabier Artaetxebarria

Frantziako Jeanne Calment da dakigula orain arte gehien bizi izan den gizakia: 122 urte, bost hilabete eta 14 egun. Guztiok nahiko genuke gehiago eta hobeto bizi, baina zahartzea prozesu geldiezina da, bizitzearen emaitza. Horrelaxe adierazi digu Xabier Artaetxebarria ingeniariak. 26 urteko donostiar honek CAF-Elhuyar saria irabazi berri du zahartzeari buruzko Xixareak, dortoka erraldoiak eta hidra hilezkorra artikuluarekin. Ez da lehenengo aldia, iaz Gazteen Sari Berezia irabazi baitzuen Ordenagailu bidezko diagnosia: ordenagailuak mediku? lanarekin. Bioingeniaritzan egin du doktoretza, “ingeniaritza medikuntza eta biologiako arazoak konpontzen laguntzeko” erabili nahi baitu. Medikuntzarekin zerikusia duten hainbat artikulu zientifiko ere idatzi ditu.

Zure lanean dortoka erraldoiak ia berrehun urte bizi daitezkeela diozu eta Caenorhabditis elegans (C. elegans) xixareak berriz, bi aste inguru. Hor tartean hainbat espezie daude, bakoitzak gutxi gorabeherako biziraupenarekin. Gizakia gainontzeko espezieen aldean pribilegiatua kontsideratu al daiteke?

Esan duzun bezala, animalia batzuk gizakia baina gutxiago bizi dira eta beste batzuk gehiago. Alde horretatik, ez dut uste gizakia pribilegiatua denik. Nire ustez gizaki batzuek gainontzeko animaliekin alderatuta dugun pribilegioa da oinarrizko beharrak (elikagaia, naturatik babesteko aukera…) beteta ditugula. Izan ere, animalia gehienak zahartzera heldu aurretik hiltzen baitira, elikagai faltagatik, hotzez, harrapariengatik…

Arazo horiek ez ditugun gizakiak bai garela pribilegiatuak iruditzen zait.

C.elegans xixarean bizi itxaropenean eragin zuzena duten hainbat gene aurkitu direla diozu eta gene bakarra aldatuta, animalia horien bizi-itxaropena bikoiztea lortu dutela ikertzaileek. Etorkizunean gizakiengan honelako praktikak posible direla uste al duzu?

Lehenago edo beranduago, horrelako gauzak teknikoki posible izango direla ia gauza ziurra da. Une hori heltzen denean, galdera etiko handiak planteatuko dira eta zientifikoek bakarrik ezingo dituzte erantzun. Beharrezkoa izango da gizarte osoa ondo informatuta egotea.

Minbizia ere aipatzen duzu. Diozu zelulen telomeroekin egindako frogek erakutsi dutela biziraupena apur bat luzatu ahal dela, baina era berean, minbizi-arriskua handitu egiten dela. Horrek esan nahi du minbizia eta zahartze prozesua nolabait erlazionatuta daudela?

Oso erlazionatuta daude, bai. Minbizian gertatzen den gauzetako bat da zelula batzuk hilezkor bihurtzen direla, kontrolik gabe bikoiztuz. Zelulen zahartzea kontrolatzen duen erlojua hautsita dute, nolabait. Erabiltzen dituzten mekanismoak ez dira guztiz ezagutzen, eta hor egindako aurkikuntzek zahartzea hobeto ezagutzen lagundu dezakete, orain arte egin duten bezala.

Zure artikulutik ondorioztatu daiteke baita ere zelula amekin egindako ikerketek zahartzeak eragindako gaixotasunak sendatzeko balio dezaketela. Etorkizunean gizarte zaharrago eta osasuntsuagoa izango al dugu?

Azken hamarkadetan oso nabaria izan da mundu garatuan gizartearen zahartzea. Etorkizunean zer gertatuko den ez dago garbi, baina gaur egungo ikerketak ez dira zuzentzen gizartearen zahartzea lortzera, baizik osasuntsuago izatera. Helburua ez da derrigorrez gehiago bizitzea, baina bai hobeto.

Zientziak gehiago aurreratu bitartean, gure esku dagoen zer egin dezakegu gehiago eta hobeto bizitzeko?

Artikuluan animalia basatiak aipatzen ditut. Horiek gehiago eta hobeto bizitzeko energia gehiago erabili behar dute gorputza mantentzeko. Gure kasuan, garbi dago elikagai osasuntsuek eta neurriz praktikatutako kirolak laguntzen dutela. Gehiegizko esfortzuak egitea ez litzateke ona, gorputza mantentzeko prozesuei energia kentzen dielako. Antzeko zerbait gertatzen da estres egoerekin, orduan mantentzea alde batera uzten delako, unean uneko arazoa konpontzeko. Gainera, beste animaliak ez bezala, gu pentsatzearekin soilik estresatu gaitezke: lehoi bat atzetik dugula imajinatzearekin bakarrik, gure gorputza ihes egiteko prestatzen da, eta hori ez da ona gorputza mantentzearen ikuspegitik.

Zahartzea bizitzearen emaitza dela diozu. Beraz, espezie guztiak hiltzera kondenatuta gaude. Baina badago espezie bat, hidra, zahartzen eta hiltzen ez dena. Espezie honen ikerketatik abiatuta, gizakiok hilezkortasuna lortzeko itxaropenik ba al dugu oraindik?

Hiltzera kondenatuta gaudela esan daiteke, baina nik uste dut zuzenagoa dela esatea bizitzeko eginda gaudela, eta bizitzeak zahartzen duela. Gizakia hilkorra da izatez, eta hidra bezalako gizaki bat ez litzateke gizaki bat izango, beste zerbait baizik. Gainera, idazle klasikoetatik Oscar Wilden Dorian Grayraino, askok abisatu digute hilezkortasunak ez duela berez ona izan behar…

CAF-Elhuyar sariak

Aurtengoa CAF-Elhuyar sarien hamabosgarren edizioa izan da. 1994. urtean sortu ziren sari hauek zientzia gaien dibulgazioa eta idazle berriak bultzatzeko helburuarekin. Aurten guztira 16 lan aurkeztu dira eta irabazleak honako hauek izan dira:

  • Lehen saria: Xabier Artaetxebarria / Xixareak, dortoka erraldoiak eta hidra hilezkorra
  • Bigarren saria: Ostaizka Aizpurua eta Antton Alberdi / Ardagaiak, basoak pizten dituzten txinpartak
  • Hirugarren saria: Leire Perez eta Maite Artetxe / Polimeroak, minbiziaren aurkako terapiako Troiako Zaldiak
  • Gazteen sari berezia: Xabier Zabala / Haptika edo ukimenaren ustiapena

Irabazle guztien lanak apirileko Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarian argitaratuko dira.

Informazio gehiago:

Erantzun bat “Xabier Artaetxebarria: “Bizitzeko eginda gaude eta bizitzeak zahartzen gaitu”” bidalketan

Ezin da erantzunik utzi